XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Testuaren taxuketa dialogikoa, beraz, irakurlearengana iristeko bide zuzenenetariko bat suertatuko da eta, ondorioz, afektuen esparrua hunkitzeko eta mugiarazteko biderik egokiena.

Azpimarratu beharrik ez dago: oratoria sakratuak sistematikoki erabiltzen duen baliabide erretorikoa baino ez da hau, balio didaktiko handiko baliabidea alegia.

Ildo horretatik, baliabide erabiliena irudimenezko arrazonamendu edo sermocinatio arloko aldakiak izango dira nagusiki, batik bat dialogismo bezala ezagutzen dena, hots, elkarrizketa baten fikzioa sortarazten duena, nahiz eta bakarrizketa antzera ere taxu daitekeen. Argi uzten du Granadak irudi honen balioa: no sé yo si hay cosa que mas pertenezca al oficio del predicador, que esta (Granada, Retórica, 544a or.).

Jakina, elkarrizketa moduko tratamendu hau era nahiko sistematikoan planteatuko da garaiko aszetika liburu gehienetan.

Eta adierazi beharrik ez dago, Axularren Gero-n ere maiz asko erabiliko da, kapitulu gehienetan hain zuzen, batik bat estiloa bortitzago bilakatzen denean, galdetegiaren forma hartzen denean, irakurlearenganako eraso izpirituala lortu nahi denean.

Horrelakoetan, hausnarketa metodo bat da autoreak planteatu galdetegi zuzenarena, ordurarte tratatutakoaz irakurleari zuzen-zuzen galdetzearena.

Alabaina, Gero-ri gagozkiolarik, erantsi behar da ez garela eredu dialogiko huts, puru eta garbiaz mintzatzen ari, hartan oinarritutako formulazio zabal batez baizik, testuari zenbaitetan elkarrizketa kutsua isurtzen dionaz hain zuzen.

Eredu horren bitartez, liburuan esandakoa irakurlearen errealitatera hurbiltzeko ahalegina erakusten du egileak.

Orobat, xedetzat izan ohi du mezu-hartzailea gaiaren harian sartzea eta zuzenean inplikatzea. Eta hori guztia, ez ahalegin idatzi huts gisara, elkarrizketaren dinamikan oinarritua bailitzen baizik.

Baliabidea, beraz, igorle-hartzaile bikotea behar duen elkarrizketa edota galdetegi moduan planteatutako pasarteetan atzemango da, aditzaren erabilera bera ere bat-batean egokiturik agertuko delarik, hirugarren pertsonatik pluraleko lehenera edota singularreko lehen edo bigarrenera.

Oro har, esan genezake Axularren liburuaren zati asko direla horrela taxututa daudenak, lehenengo begiradan ematen duena baino askozaz pasarte luzeago osatuko luketenak alegia.

Betiere, pasarte hauek kapituluetan tartekaturik agertuko dira: zenbaitetan argumentazioan, baina bereziki perorazioan.

Axularren liburuak dituen helburuak (konbertsioa, bertuteak landu, bekatuak alboratu,...) eta atalak kontutan hartu arren, nekez bereiz liteke multzo nagusirik: alde batetik, eredu argumentatibo-narratiboari dagokiona eta, bestetik, eredu dialogikoa.

Tartekaturik egotean zaildu egiten da bereizketa, baina, edozein modutan ere, pasarte bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu, batik bat aditzari eta elementu sintaktikoei dagokienez.

Liburuan barrena tartekaturik agertzen den dialogismoaren irudi honek beste guztiek baino garrantzi gehiago izango du liburuaren beraren egituraketan parte hartzen duelako, eta ez delako irudi huts solte bat bezala geratzen.

Gogoan hartu beharrekoa da dialogismoaren garrantzia pentsamenduzko irudien artean, irudi horretaz baliatuz egileak elkarrizketa baten fikzioa sortzen baitu.